Asier Altunaren pelikuletan familia izan ohi da istorioaren ardatz nagusia. Aupa Etxebeste eta Agur, Etxebeste filmetan komedia erabiltzen zuen etxebestetarren gorabeherak kontatzeko. Ama filma ere familietan dauden lokarrietara eta belaunaldi desberdinen ikuspuntuetara hurbiltzen zen. Eta orain, Karmele-rekin, Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian oinarrituz, familia baten istorioa azaltzen du, melodrama historiko neurritsu bat sortuta.
Istorioa Espainiako gerra garaian hasten da, Bigarren Mundu Gerra zeharkatzen du eta Francoren diktadura zapaltzailearekin bukatzen da.
Filmaren izenburuak argi eta garbi adierazten duen moduan, Karmele da istorioaren protagonista nagusia. Hark, gurasoek eta anaia batek osatzen duten familia, eta Karmelek Txomin Letamendirekin sortzen duen familia ezagutuko dugu. Euskal Gobernuak Euskadi jasaten ari zen egoera zabaltzeko sortutako Eresoinka izeneko talde kulturala, izan ziren topaketa diplomatiko klandestinoak eta izan ziren espioitza mugimenduak ikusiko ditugu filmean. Luxua eta gabezia, musika eta indarkeria biltzen dira garai gatazkatsu hartan, eta eragin handia izango dute Karmelerengan eta bere familiarengan.
Altunak txukuntasunez azaltzen du sortzen diren egoerak, eta neurritasunez islatzen du garai hartako familia baten egoera.