Istorioa Eskozian gertatzen da eta protagonista Aurora izeneko neska portugaldarra da. Produktuak banatzen dituen enpresa bateko biltegian egiten du lan. Aurorak duen bizitzaren lekuko izango gara. Lanean dituen ezaugarri eta baldintza eskasak ikusiko ditugu, baita etxebizitza partekatu baten bizimodua nolakoa den, eta soldata oso txikiarekin bizitzeko dituen zailtasunak ere bai. Dena den, On falling filma pauso bat harago doa. Zuzendariak gure gizartearen funtzionamendua kritikatzen badu ere, bizimodu horrek pertsonengan dituen ondorio psikologikoak azaleratzeko
gaitasuna dauka. Bakarrik, isolatuta, hutsal eta deprimituta sentitzeak zulo batean erortzea dakarrela kontatzen du, eta, askotan, bizitzeko ilusioa galtzea ere bai.
Laura Carreirak, zorroztasunez eta zehaztasunez, pertsonaia nagusiaren sentipenen berri ematen digu. Kamerak, denbora guztian, Aurora jarraitzen du, haren aurpegiak erakusten duen guztia harrapatzeko. Zuzendariak melodramatik ihes egiten du, egungo gizartearen begirada mingarria emateko. Era berean, azpimarratzekoa da Joana Santosen interpretazio bikaina.