Filmaren hasieran Kanariar Uharteetan Vicentek duen bizitza ikusten dugu. 25 urte darama Maspalomasen bizi izaten. Homosexuala da eta bere bikotekidearekin apurtu ondoren, hantxe dabil sexuaz eta festez gozatzen. Gutxi gorabehera, nahi duena egin dezake, baina leku baten aparte: eguzkiaz, argiaz eta hondartzaz inguratuta ghetto antzeko baten. Gaixotasun bat tarteko Donostiara itzuli beharko du, ihesi joan zen egunerokotasunera eta pertsonengana. Zaharren egoitza batera doa, eta han, aurretik eraman zuen ezkutuko bizitzara gerturatuko da.
Maspalomas film ausarta da. Ez gaude ohituta pelikuletan adineko pertsonen arteko sexu eszenak ikusten eta are gutxiago sexua homosexualen artean denean. Filmak hasiera
apurtzaileagoa du, eta ondoren, zuzendariengandik gertuago dauden tonuen, erritmoen eta sentimenduen islara eramango gaitu. Aipagarria da Jose Ramon Soroizen lana. Sentiberatasunez, interpretazio neurritsua baina indartsua egiten du, pertsonaiaren izaera, bere argi eta itzalekin, behar duen bezala azaltzeko.