Pelikula bi zatitan banatzen da. Lehenengo parteak abenturarekin dauka zerikusia. Istorioan gertaera dramatiko bat gertatzen da, eta horrek tonua aldatzen du; amesgaizto eta haluzinazio baten antza hartzen du. Filmaren hasieran aita bat eta seme bat etxetik joan den alabaren bila doaz. Basamortuan egiten diren rave festetako batean egon
daitekeela uste dute, eta halako festetara joaten den talde batekin harremanetan jartzen
dira. Filma abenturarekin lotuta dago. Pertsonaiek beroa eta gosea pasako dute;
basamortuan kilometro pila egingo dituzte: errekak zeharkatu, harrizko bide estuetatik pasa… Kilometroak egiten dituzten bitartean, oso desberdinak ziruditen pertsonaien arteko harremanak sendotuz joango dira.
Irudiak eta soinuak erabiliz, Laxek oso lan indartsu eta hipnotikoa lortzen du. Filmean ez zaigu iraganari buruzko informaziorik ematen: ez dakigu alaba zergatik joan den etxetik, beste pertsonaiei buruz ezer gutxi dakigu, eta, orainari buruz, Hirugarren Mundu Gerraren hasieran egon gaitezkeela ematen du. Datu gutxi izateak areagotu egiten du bigarren zatiak duen amesgaizto eta haluzinazio ukitua. Gertatzen diren gauza
ikaragarriak, pertsonaien egoerak, drogen mundu iluna... dena abstraktuago bihurtzen da.