Istorioa Andaluzian kokatzen da 1984. urtean. 7 urte dituen Rita 5 urteko anaia Lolorekin eta gurasoekin bizi da. Filmean gertatzen dena Ritaren ikuspuntutik heltzen zaigu. 1:33 formatuan filmatuta dago, irudien enkoadraketa nahiko itxia da eta, askotan, kamera Ritaren parean kokatzen da ikusleari haur horrek ikusten, entzuten, sentitzen eta ondorioztatzen duena aditzera emateko.
Bi anaiak ia denbora guztian elkarrekin daude, baina igartzen da bien artean dagoen adin diferentzia.
Ritak gauza gehiagoz konturatzeko ahalmena du: ate bat erdi zabalik dagoenean ikusten duena,
pertsiana erdi jaitsi baten tartetik ikusten eta entzuten duena... Zuzendariak jokatzen du iruditik kanpo gertatzen denarekin. Ikusleoi zeharka heltzen zaizkigu istorioaren datuak; eta datu horiekin ezagutzen ditugu gizarte horren eta familiaren ezaugarriak. Kasu askotan, ezkontzak daukan tranpa emakumearentzat. Zeharo lotuta ekonomiko eta sozialki gizonarekin, baita seme-alabak hezi eta babesteko sentitzen duen beharrarengatik ere.