'La habitación de al lado' pelikula: Hurbilpen zirraragarria

Erabiltzailearen aurpegia Antonio Zabala 2024ko urr. 18a, 09:00

Almodovarren azken urteetako filmak ez dira hain elektrikoak. Nahiz eta haren
istorioak sentimendu asaldagarriz beteta egon, zuzendaria modu lasaian eta neurritsuagoan hurbiltzen da pertsonaiengana. Horren adibide da La habitación de al lado pelikula.

Zuzendariak oso ondo daki filmari behar duen erritmoa eta tonua ematen. Sentiberatasunez, dotoreziaz eta sakontasunez hurbiltzen da, pertsonaien harremanak eta sentimenduak zehaztasun
osoz aditzera emateko. Filmak Almodovarren marka du: kolore biziak, erabilitako dekoratuak, Alberto Iglesiasen musika… Baina istorioak gero eta barnekoiagoak dira; pertsonaia gutxiagorekin
eginak daude.

Kasu honetan, filmaren protagonistak urte askoan elkar ikusi ez duten bi emakume dira. Bata oso egoera latza jasaten ari da; oso aurreratua dagoen minbizia du. Bestea lagunari laguntzen ahaleginduko da hark hartzen dituen erabaki guztietan. Adiskidetasunari buruz hitz egiten digu filmak. Era berean, gizakiok heriotzari duintasunez aurre egiteko daukagun eskubidea aldarrikatzen du. Bi pertsonaia nagusiengana hurbiltzeko modua zirraragarria da. Tilda Swintonen eta Julianne Mooreren interpretazioak bikainak dira. Pertsonaien barneko zurrunbilo emozionala
eta euren arteko adiskidetasunean gertatzen den garapena eta aberastasuna bikain azalduta dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak