Tedeschi joan den mendeko 80ko hamarkadan Les Amadiers antzerki eskolan aritu zen. Eskolan Patrice Chereau zuzendaria zegoen. Oraingo pelikulako protagonista Stella da, antzerki eskolan sartzea lortzen duen neska. Pertsonaia Valeria Bruni Tedeschirengan oinarritzen da. Egiten duen bidearen bitartez garai hartako gazteen erretratua egin nahi du: eskolan sartzeko zailtasunak, eskolan sortzen diren harremanak, drogen eta hiesaren presentzia, lotura profesionalak eta sentimentalak.
Antzerkiarekin lotuta, izaera askotariko gazteak azaltzen dira. Pintzelkadaren bitartez garai hartako aktoreen izaera berezia islatu nahi izan du. Interpretazio mundua oso mundu berezia da: errealitatearekin eta fikzioarekin jokatzen dute, pertsonaren eta pertsonaiaren arteko jokoa sortzen da eta honekin batera, aurrera irteteko nahia eta presioa agertzen dira.
Argazkien kolorearekin eta musikaren erabilerarekin, garai hartan
egotearen sentsazioa lortzen du. Baina Tedeschi zuzendariak ez du askorik sakontzen pertsonaien izaeran eta azalean geratzen dira, ondo marraztuak egon gabe. Filmaren itxura bere benetako balioa baino gehiago da.