Irati-n naturaren indar magikoak gizakien gehiegikerien kontra matxinatzen dira. Eta beste alde batetik, ohiturak eta kultura mantentzea eta belaunaldiz belaunaldi horiek gorde eta zabaltzearen garrantzia aldarrikatzen du filmak.
Urkijok asko zaintzen du irudia eta soinua. Natura bere edertasunean filmatuta dago. Efektu bereziak ere modu egokian erabiltzen dira istorioaren magia azaltzeko. Pertsonaia ugariko bataila odoltsuak indarrez filmatuta daude. Urkijok hartutako erronka oso handia da. Historiarekin eta fantasiarekin jokatzea, eta modu egokian, gainera, ez da gauza erraza. Pertsonaia asko daude: gudariak eta gorteko jendea, kristauak, musulmanak eta mitologiako pertsonaiak.
Zaila da guztiei behar duten tokia eta denbora ematea. Batzuk zeharka agertzen dira. Hori horrela, istorioa ez da borobila. Filmak sekuentzietan hobeto funtzionatzen du, baina apur bat falta zaio osotasun dramatikoa lortzeko. Dena den, Irati meritu handiko proposamena da.