Istorioa Cat izeneko neskatila baten ikuspegitik heltzen zaigu. Gurasoekin eta ahizpekin bizi da familia desegituratu batean. Catek, neskatila lotsatia eta isila, ez du jasotzen behar duen zaintza eta maitasunik.
Ama haurdun dagoenez, Cat amaren lehengusinarekin eta haren senarrarekin joango da uda pasatzera. Eta etxe horretan zauriak sendatzeko beharra duten hiru pertsona elkartuko dira. Neskatilak maitatua sentitzearen beharra du, eta bikoteak –filmean zehar horren zergatia ezagutzen joango gara– maitasuna eta babesa ematearen beharra dauka. Elkar ezagutzearen prozesuaren lekuko izango gara. Emakumeak lehenengo momentutik besoak zabalik hartzen du Cat. Gizonari gehiago kostatzen zaio. Baina bien artean garatzen diren harremanak oso modu ederrean azalduta daude.
Pertsonaiek ez dute berba askorik egiten. Begiradak, isiluneak eta keinuak benetan adierazgarriak dira momentu bakoitzean sortzen den intimitatea eta euren artean gertatzen den hurbiltze emozionala azaltzeko. Ikusleak, xehetasun eta keinu txikien bitartez, pertsonaien artean sendotzen doazen lokarriak harrapatu beharko ditu.