Sammyri zinemara joaten den lehenengo aldiak sorrarazten dion ustekabeak haren bizitza astinduko du. El mayor espectáculo del mundo pelikula ikusiko du eta han gertatzen den trenistripua etxean birsortzen eta filmatzen ahaleginduko da, eta, handik aurrera, etxean eta eskolan egiten dituen filmaketak gero eta sofistikatuak izango dira.
Spielberg zinemagilearen sorrerarekin batera, haren familia nolakoa den ezagutuko dugu. Gurasoek familiaren erritmoak markatuko dituzte: aita teknologia-berritzailea da eta haren lanagatik askotan aldatuko du bizilekua familiak; amak, berriz, espiritu artistikoa du, eta arazo psikologikoak.
Oso ondo landuta daude familia-eszenak, haien zalapartarekin eta gatazkarekin. Sammy ezkutuko amodio istorio batez jabetzen denean, amarekin dituen gatazkek, amaren osaba baten agerpen profetikoak, arrebekin dituen eszenek… zinema ederreko uneak eskaintzen dizkigute. Sammy institutu berri batera joaten denean, filmaren interesa zerbait jaisten da. Regreso al futuro-ko tonua gogorarazten du. The Fabelmans-ek, film borobila izan barik, zinema ederraz beteriko eszena ugari ditu bere baitan.