Eszena horrek bikain islatzen du istorioa nondik nora doan. Lydia Tar buztinezko oinak dituen erraldoia da. Jainkosa ahalguztiduna dirudi, baina ahultasunak dituen pertsona bat dago atzean. Orkestra zuzendaria guztia kontrolpean izan nahi duen gizaki despotikoa da. Inguruan dauden guztiek haren zerbitzura egon behar dute. Filmak botere gehiegikeriaz hitz egiten du. Ekintza guztiek ondorioak dakartzate, eta horren menpe daudenak, aukera dutenean, horren kontra altxa daitezke. Justizia, handinahia eta mendekua nahasten dira modu anbiguo samarrean. Pertsonaiak mugitzen diren mundua itxura zibilizatuko oihana da.
Zuzendaritzaren aldetik filma ederra dela esango nuke. Zuzendariak bikain erabiltzen du scope formatua istorioari behar duen tempoa emateko.
Eta zer esan Cate Blancheten interpretazioari buruz? Zoragarria da. Begiradarekin, mugitzeko moduarekin eta ahotsaren erabilerarekin pertsonaia liluragarria sortzen du.