Istorioaren garapena bi alderditatik heltzen zaigu: batetik, kazetariaren ikerketak jarraituko ditugu. Hiriko poliziarekin, agintari erlijiosoekin eta prostitutekin dituen topaketak; bestetik, hiltzailearen eguneroko bizitza emaztearekin eta seme-alabekin. Burutzen dituen hilketak detaile eta gordintasun osoz ikusiko ditugu. Istorioa aurrera doan neurrian, paralelo doazen bi alderdiek elkartzen bukatuko dute. Baina filma ez da bukatzen kasua argitzen denean. Ostean, gizarteak erantzuteko duen modu desberdinak ezagutuko ditugu.
Ali Abassik thriller baten bidez kritikatu nahi du Irango gizartean dauden pentsaera eta portaera matxistak. Emakumeak asasinatuak izaten diren bitartean, mandatariek eta poliziek oso interes gutxi erakusten dute hiltzailea topatzeko. Kazetaria emakumea da eta horrek zailtasunak eta gutxiespenak sufritzea dakarkio. Fundamentalismoa eta matxismoa indarrean daude Irango gizartean, eta, konponbide bat aurkitu ezean, belaunaldiz belaunaldi hedatzen joango dira.