Ikusezinak

Erabiltzailearen aurpegia Antonio Zabala 2022ko ira. 23a, 20:30

Great Yamouth. Zuzendaria: Marco Martins. Antzezleak: Beatriz Batarda, Kris Hitchen, Bob Elliot. Iraupena: 113 minutu.

Oso proposamen indartsua eta itzela da Marco Martins zuzendari portugaldarrak dakarkiguna. Bai, jorratzen duen gaiagatik, bai sortzen dituen irudiengatik. Errealismoz eta gordintasun osoz kontatzen digu Ingalaterran kokatuta dagoen Great Yarmouthen Portugaletik etorritako langileek duten bizimodua. Eta filmaren protagonista Tania emakumea da. Langile portugaldarrak hartu, ostatu eman eta lanera eramateaz eta ekartzeaz arduratzen da. Ezkutuan edukitzen ditu, ez daitezela nabarmendu, agintari ingelesekin arazoak eduki ez ditzaten. Presoak dirudite, pilatuta bizi dira bizi baldintza negargarrian. Bizi diren gelatan eta lan egiten duten tokian (indioilar-haragia prozesatzea da euren lana) zikinkeria eta kiratsa nabarmentzen dira.

Zuzendariak oso ondo aditzera ematen du bizi baldintza horiek. Irudien iluntasunak, pertsonaien aurpegi nekatuek bizimodu horren tristura eta gogortasuna azaltzen dute. Oso zaila da itxaropena mantentzea egoera horretan. Eta goian aipatu dugun bezala, filmaren protagonista Tania da. Langile horiek Ingalaterrako gizartearentzat ikusezinak izateaz arduratzen da. Ikusten du gertatzen den guztia, baina bizimodu horretatik irteteko, bere ametsa Ingalaterrako erretiratuentzat opor ibilbidea bat antolatzea da. Hotel bat jarriko zuen hantxe ostatu har dezaten. Horretarako izaera gogorrekoa izan behar du. Daraman bizitzak aztarnak uzten ditu. Denbora guztian alde batetik bestera; bere begiek ikusten dute pasatzen ari dena. Ez dago bere esku egoera aldatzea baina horren partaide da. Beatriz Batardaren interpretazioa zoragarria da. Lehen planoek indar handia dute eta berak bikain adierazten ditu pertsonaiaren argiak eta itzalak. Agian, Zinemaldiko aktore onenari ematen den saria eskura dezake.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak