Bidaia bat egingo duten bost gazte dira film kolonbiar honetan protagonistak. Adin desberdinetako mutikoak dira. Helduenak 19 urte ditu, eta amamak horri utzi dizkion lurren bila joatea erabakitzen dute. Bilobak aukera du amonari gobernuak kendutako lurrak berreskuratzeko, eta horretarako, taldeak erabakitzen du hiriko iskanbila, konbultsioa eta indarkeria uztea, amestutako paradisu antzeko bat bilatzeko. Bidaia luzea da eta bidean denetik topatuko dute: laguntzeko prest dagoen jendeak aterpea eta elikagaiak emango dizkiete, eta beste aldetik, indarkeria erabiltzen duten taldeak ere topatuko dituzte. Egunez eta gauez, mendiak, errekak eta basabideak zeharkatuko dituzte. Bidaian gazteen arteko adiskidetasun loturak frogan ipiniko dira.
Bidaiaren bitartez, herrialdearen ezaugarriak ezagutzen joango dira. Biztanleen bizi-baldintzak, laguntzeko dagoen jende ona eta, alderantziz, herrialdean dagoen indarkeria eta korrupzioa. Filma indarrarekin kontatuta dago. Filmatzeko moduak, erabilitako argazkiek eta koloreek, agertzen diren paisaiek, edertasuna eta intentsitatea ematen diote Los reyes del mundo filmari. Istorioa garatzen doan neurrian joango gara ezagutzen mutikoen izaera. Hasieran kaleko mutil gatazkatsuak direla eman arren, bidean zehar bere alde ameslaria aterako da. Utopiaren bila doan taldeak eta gazteek erakusten duten kemenak ukitu poetikoa ematen diote abenturari.