Fernando Francoren filmak nahiko bereziak izaten dira. La herida-n nortasun-nahasmendua duen emakume bat da filmaren protagonista. Moriren bikote bat daukagu eta gizonak gaixotasun terminala du. Francoren filmak latzak dira eta drama eta sufrimendua ia mugara eramaten ditu. Oso film interesgarriak dira baina zailak ikusteko. La consagración de la primavera-n pertsonaia batek garuneko paralisia duen arren zuzendariaren lan argitsuena da.
Filmak zineman gutxitan ikusten den gaia jorratzen du. Garuneko paralisia ez da gehiegi agertzen filmetan, baina oraindik askoz gutxiago horiek dituzten behar sexualen gaineko aipamenak. Eta horixe azaltzen da La consagración de la primavera filmean. Ez modu didaktikoan, bai, ematen digute datu batzuk, eta dauden zerbitzuak azaltzen dizkigute, baina azken finean garrantzitsuena da Laura eta Daviden artean garatzen diren harremanak. Laura unibertsitatean hasi den neska gaztea da. Neskak ez du segurtasunik bere buruarengan. Izandako heziketa, etxetik kanpo egotea, sortzen diren lagun berriak, sexu harremanak…Kasualitatez David ezagutzen du eta hortik aurrea bere bidea aurkitzen hasiko da. Bi pertsonaiak indartuta ateratzen dira. Filmaren istorioa kontatuz gero, nahiko harrigarria edo bitxia dela pentsa genezake, baina zuzendariak eta aktoreek lortzen dute epeltasuna, argia eta naturaltasuna ematea istorio hunkigarri honi.