Danimarkatik datorkigun Resten af livet filmak familia bateko kideek murgiltzen diren emozioen amildegia erakusten digu. Familia osatzen dute gurasoek, ezkonduta eta haurdun geratzeko tratamendua jarraitzen duen alabak eta semeak. Familia oso elkartua da. Urtebetetzeetan eta beste ospakizunetan euren artean eta auzokoekin eta lagunekin biltzen dira. Harmonia eta zoriontasuna nabari dira familian. Baina, bat-batean familiako semea hil egiten da eta gertakizunak hankaz gora jarriko du gurasoen eta alabaren oreka emozionala. Ez da erraza gertatutakoa barneratzea eta onartzea eta familiako kide bakoitzak erreakzionatzeko modu desberdina izango du. Bakardadea eta emozio hutsuneak ohiko sentimenduak dira. Ez ditugu gureak eta besteen erreakzioak ulertzen. Dolu prozesuak denbora behar du eta prozesu hori da Frelle Petersek kontatzen digun istorioa.
Zuzendaria kontu eta fintasun handiz hurbiltzen da pertsonaien intimitatera. Kamerak eurengana hurbildu baino lehenago gelaren ate ondoan itxaroten du distantziak mantentzen, baimena eskatuko balu bezala, gero sartzeko eta horien intimitatea aditzera emateko soiltasunez eta errespetuz. Elipsiak erabiltzen ditu alde melodramatikotik ihes egiteko. Aipatzekoak dira aktore guztien interpretazioak. Modu neurritsuan, askotan isiltasunean, pertsonaien emozioak eta sentimenduak islatzen dituzte. Filmak, modu sotil eta dotorean, ikuslearen bihotzera heltzea lortzen du.