Lehenengo aldiz La insoportable levedad del ser filmean ikusi nuen eta hortik aurrera oroimenean mantentzeko filma asko egin ditu: Los amantes de Pont Neuf, Herida, Tres colores: Azul, El paciente inglés… Eta zinemaldira bi film berriak ekarri ditu. Horietako bat da Claire Denisen Avec amor et acharnement. Eta egia esateko, Juliette Binochek egiten duen interpretazioa txapela kentzeko modukoa da.
Filmaren hasieran Binochek egiten duen pertsonaia eta bere senarra (bikaina da ere Vincente Lindonen interpretazioa) itsasoan daude opor zoriontsuak pasatzen. Parisen, bueltatzean, pozik jarraitzen dute. Bien arteko elkar ulertzeak perfektua dirudi. Baina bat-batean François agertuko da, iraganeko mamu bat. Momentu horretatik aurrera asko aldatuko dira euren arteko harremanak.
Ez da guztiz zehazten lehen gertatutakoa. Binochen pertsonaia Françoisekin maitemindua egon bazen ere, Lindonek egiten duen pertsonaiarekin geratu zen. Bi gizonek elkarrekin negozioak zituzten, eta horien ondorioz, Lindonen pertsonaiak urte batzuk pasa izan zituen kartzelan. Hirugarren pertsonaiak nahastea dakar bikotearen harremanera. Inkomunikazioa, sekretuak, susmoak eta gezurrak iristen dira. Iraganeko eta oraingo sentimenduak eta ideiak lausotzen dira. Elkar engainatzeaz gain, euren burua ere engainatzen dute. Sentimenduen kontrola galtzen dute eta bizitzen ari diren zurrunbilo emozionalak euren arteko harremanaren oreka astintzen du.
Claire Denisek oso ondo daki planoen luzerarekin jokatzen; gertuko plano ugarien erabilera bikaina pertsonaien sentimenduak intentsitatez aditzera emateko. Kameraren mugimenduek ederki azaltzen dute pertsonaien urduritasuna. Françoiseri buruz ez dauzkagu datu asko, eta horrela, bere portaerak anbiguetatez betetzen du bikotearekiko dituen asmoak. Honekin batera badago beste istorioa bat; Lindonek egiten duen pertsonaia amonarekin bizi den semearekin duen harreman gatazkatsua.