Runner oso proposamen minimalista da. 18 urteko neska baten aita hil egiten da. Neska gazteak bidai bat egin beharko du bere aita lurperatzeko. Aita lurperatu ahal izateko egun batzuk itxaron beharko ditu. Denbora horretan mutil bat ezagutuko du. Bi gizaki bakarti dira, elkar kontsolatuko dutenak. Filma 1:33 formatuan filmatuta dago; barrualdeko argia leihoetatik sartzen dena da, kameraren mugimenduak oso murriztuta daude (plano finkoak erabiltzen dira, eta soilik neska bidetik ibiltzen denean edo bizikleta doazen momentuetan mugitzen da), pertsonaiek ia ez dute hitz egiten.
Osagai gutxirekin zuzendariak badaki pertsonaien bakardadea atzematen eta haien arteko hurbilketa isila modu poetikoan eta ederrean islatzen du: paisaiak, isiltasunak, argazkiak, pertsonaietara hurbiltzeko moduak… Horiek guztiek ukitu berezia ematen diote filmari.