Bertsio liluragarria

Erabiltzailearen aurpegia

Ez da gauza erraza West Side Story-ren bertsio berri bat egitea, Robert Wisek eta Jerome Robbinsek 1961. urtean egindakoa mitikoa baita. Jatorria antzerkia izanik, zinemako bertsioa izan da istorioari arrakasta erraldoia eman diona.

Wisek eta Robbinsek maisutasunez lortu zuten antzerkitik zinemara dagoen jauzia gainditzea. Energia, bizitasuna, amodio istorioa, drama… Osagaiak bikain nahasten ziren, ikuskizun borobila burutzeko. Abesti eta dantza zoragarriak. Muntaiak erritmo perfektua ematen dio filmari. 60 urte pasa dira, eta oraingo bertsioak estreinako indarra eta magia mantentzen ditu. Spielberg errespetu osoz hurbildu da.

Lan zailena Wisek eta Robbinsek egin zuten. Spielbergek, horren balioa kontuan hartuta, gaurko egunari begira, aldaketa batzuk egin ditu: Puerto Ricoko pertsonaiak aktore latinoamerikarrek egiten dituzte, eta gaztelania ingelesarekin nahasten da. 1961eko filma barnekoiagoa zen, eta Spielbergek zabalagoa, handiagoa edo ikusgarriagoa egin gura izan du. Jatorrizkoak iradoki egiten zuena, kasu honetan, argitu eta sakondu nahi izan da.

Spielbegek lortu du. 1961eko esentzia mantentzea: erritmoa, dantzak, argia eta iluntasuna, erromantzea eta drama nahastea, eta horrekin batera, originalak sorrarazten zuen bezala, ikuslea zinematik liluratuta irtetea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.