'Yi miao zhong'

Erabiltzailearen aurpegia Antonio Zabala 2021ko ira. 21a, 19:05

1988. urtean Zhang Yimou ezagutzera eman zen Sorgo Rojo filmarekin Berlinaleko sari nagusia lortu zuenean. Hortik aurrera bere filmak zinemaldi garrantzitsuenetik pasa izan dira. Donostia Zinemaldian bere film askotxo proiektatu izan badira ere, aurten Yi miao zhong-ekin lehenengo aldiz da Sail Ofizialeko lehiaketan parte hartzen duena.

Filma XX. mendeko 60. hamarkadan kokatzen da. Bi dira istorioaren protagonista nagusiak. Alde batetik, lan-esparru batetik ihes egin duen aita bat eta beste aldetik, gurasoak ez dituen eta bere ardurapean anaia txiki bat duen neskatila gazte bat. Biak Mao Tse Tung mandatariaren politikak zapalduak dituen pertsonaiak dira, eta azken finean, film bobina bat izango da biak elkartzeko balio izango duen osagaia. Aitak jakin izan du herri baten proiektatuko duten filmaren aurretik propagandako film labur bat emango dutela eta film horretan urte askotan ikusi ez duen alaba agertzen dela.

Bere helburu bakarra film hori ikustea da. Neskatila alderantziz, bobinaren zeluloidea harrapatu nahi du horrekin bere anaiarentzat lanpara bat egiteko. Hau dela eta, bata bestearen atzetik ibiliko dira bobinaren jabe izateko. Aitak bobina proiekzioa izango den herrira eramateko ahaleginak egingo ditu da eta neskatilak zeluloidea harrapatzen.

Yi miao zhong batez ere ipuin bat da. Bi pertsonaien istorioa kontatzeaz gain, zinemaren magia ere omentzen du. Herriko jende guztia zinema saioa ikustera joaten da. Bakoitza bere aulkiarekin hurbiltzen da aretora. Festa handia suposatzen du noizbehinka heltzen den filma ikusi ahal izateak. Ilusio hori oso ondo antzematen da. Herri guztia lanean da filma proiektatu ahal izateko. Zinema jasaten ari den momentu larri hauetan oso polita da hainbeste gustatzen zaigun artearen indarra eta magia aldarrikatzea. Yi miao zhong-ek badu denbora ere Txinan garai horretan zegoen politika zorrotza eta itogarria kritikatzeko. Denak dira mandatariaren beldur. Partiduaren jarraibideak jarraitzeko eta zelatari izateko prest euren portaera zalantzan jarri ez dezaten. Yi miao zhong batez ere ipuin polita da. Bi pertsonaien ibilbidea eta euren artean ematen den hurbilpen sentimentala gustu honez filmatuta dago, eta zuzendariak lortzen duen irudi ederrak ondo baino hobeto ikusten dira Kursaaleko pantaila erraldoian. Ez da egon txarto aurtengo zinemaldiari hasiera emateko.

Zuzendaria: Zhang Yimou
Aktoreak: Wei Fan, YI Zahang

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak