Ola 17 urteko neska amarekin eta anaiarekin Polonian bizi da. Aita aspalditik Irlandan lanean ari da, hilabetero dirua etxera bidaltzeko. Egun batean, aita laneko istripu batean hil egingo da eta Onak Poloniatik Irlandara joan beharko du aitaren gorpua etxera eramateko. Bidaia ez da batere erraza izango. Ospitalera joan beharko du aitaren gorpua identifikatzera, lantegiko bulegoetara, eta lan egiten zuen enpresan agertu.
Honekin batera, gorpua herrialde batetik bestera eramateko izapideak egitea tokatuko zaio. Leku horietan ez diote gauzak erraz jarriko eta ahal duen moduan moldatu beharko du. Prozesu horretan, Olak jende asko ezagutuko du eta izandako eskarmentuen lekuko izango gara. Ondo dakigu zineman bidaiek dakarten aldaketak. Bidaia fisikoa izateaz gain, bidaia psikikoa ere izaten da. Zuzendariak arreta osoa ematen dio Olari. Denbora guztian kamerak beraren jarraipena egingo du. Haserre edo presaka dagoenean, kamera ere azkarrago edo kulunka gehiagorekin mugitzen da. Kamera Olaren zain dago, baina Olari bizia eta sakontasuna emateko behar-beharrezkoa da atzetik aktore on bat izatea. Zofia Stafiej-ek egiten duen lana zoragarria da. Bere begiradak dena esaten du. Pertsonaiaren izaera, bidaian zehar izango dituen eztanda emozionalak eta, horrekin batera, izaeran gertatuko diren aldaketak. Bikain erakusten digu pertsonaiak duen amorrua, kemena eta, azken finean, sentikortasuna. Bere bidaian, aitaren laneko baldintzak, norekin lan egiten zuen eta zeinekin bizi zen ezagutzen joango da. Horrela, aitaren irudia gertukoago egingo zaio.
- Zuzendaria: Piotr Domalewski
- Aktoreak: Zofia Stafiej, Kinga Peris, Arkadiusz jakubik