Filmaren bukaeran agertzen den errotulu batek azaltzen du filmean agertzen diren pertsonaiak eta egoerak fikziozkoak direla. La última primavera-ko aktoreak nortzuk diren ikusita, abizenengatik antzematen da denak familiakoak direla. Ez dakigu aktoreen eta pertsonaien bizitzen artean komunak diren ezaugarriak egongo diren. Behintzat, ematen du aktore horiek ondo ezagutuko dituztela pertsonaien estualdiak eta sentimenduak.
Madrildik aldenduta dagoen txabolaz osatutako auzo batean bizi dira pertsonaiak. Familia hiru belaunaldi desberdinetako pertsonaz osatuta dago: gurasoak, adin askotariko seme-alabak eta horien seme-alabak. Kamarek tarte bat egiten die familiari eta auzoan bizi den jendeari. Gurasoak kezkatuta daude, Udalak etxetik bota nahi dituelako; seme-alabak, batzuk lana topatzen eta beste batzuk ahal duten moduan aurrera jarraitzen saiatzen; eta haurrak, euren jokoekin. Denek dituzte ahuleziak eta buruhausteak, baina, hala ere, bat eginik, familiaren lokarriak sendo mantentzen jarraitzen dute. Kamerak, batzuetan geldi, pertsonaien elkarrizketak harrapatzen ditu; beste batzuetan, berriz, mugitu egiten da pertsonaien ibilbidea jarraitzeko.
Zuzendariak eguneroko bizitza harrapatzen du eta zehaztasunez azaltzen du familia horren izaera.