Gizarte gatazka
'Mano de obra' (Sail Ofiziala)
Minimalistatzat jo dezakegu David Zozana dakarkigun proposamena. Apaindura gutxirekin eta ia kamara mugitu barik, filmaren plano genienak finkoak dira. Istorioaren hasieran langile batzuk egiten diharduela, bat-batean goitik langile bat erori eta hilik suertatzen da. Honen anaiak alarguna geratu den koinatarentzat justizia eta laguntza eskatzen du. Ez diote kasurik egingo eta ondorioak gero eta txarragoak direla ikusita, neurriak hartzea erabakiko du. Bukaturik dagoen etxebizitza baten, beste pertsona talde batekin sartuko da, baina han ere, euren arteko elkarbizitza ez da batere erraza izango.
Goian aipatu dudan bezala, filma minimalista da. Ez dago apenas kamara mugimendurik, elkarrizketa gutxi daude eta, gainera, asko kostatzen da ulertzea aktoreek esaten dutena. Horrela, ikusleak oso osagai murriztuak ditu istorioari puntua hartzeko. Ez dago inolako azpimarraketarik, eta suertatzen diren gertakizun garrantzitsuak ia ezkutuan azaltzen dira. Osagai gutxirekin ikusleak eman behar dio istorioari, eta hori ez da lan erraza.
Eskakizun maila itogarria
'Das Vorspiel/ The Audition' (Sail Ofiziala)
Das Vorspielen kontatzen zaigun istorioa musika munduan girotuta dago. Protagonista nagusia musika irakasle bat da. Aste batzuk ditu gaitasun handia duen mutil bat musika saio baterako prestatzeko. Irakaslearen senarra musika-tresnak egiten dituen Luthiera da eta semea biolina jotzen ikasten ari da. Emakumea buru-belarri arituko da bere ikaslea aurrera eraman nahian. Horrekin batera, etxean duen egoera koloka jarriko da. Oso zorrotza da, perfekzioaren bila dago eta perfekzioa helburutzat izatea oso arriskutsua izan daiteke. Horrek egiten dio oso ezegonkorra izatea. Bere eta besteen buruari jarritako listoia oso altua da. Honela, beti aztertuta sentitzen da. Aitarekin duen topaketekin ikusten dugu jasandako heziketa oso zorrotza izan dela eta berak ere ikasitako neurriak erabiltzen dituela.
Oso ondo islatzen da musika munduan duen eskakizun maila. Ordu asko sartu behar dira eta duen intentsitate fisiko eta psikikoa itogarria izan daiteke. Oso konplexua da irakaslearen izaera aditzera ematea eta zuzendariak ederki daki pertsonaiaren barnean ematen zurrunbilo emozionala azaltzen. Aipagarria da benetan, Nina Hossen interpretazio bikaina.