"Enara batek esan zidan behin…"

Erabiltzailearen aurpegia Ana Nogueiras 2011ko ira. 4a, 02:00

Enara batek eredua nintzela esan zidan behin, ez dakit arrazoia zeukan ala ez.

Nik gaur eskerrak eman nahi dizkiot, hori izan baitzen eta izan baita lagundu nauena bost urte hauetan. Askotan datozkit burura hitz horiek, askotan pentsatzen dut enara horrengan, eta uste dut, dagoen lekuan, bere hegoak zabalduko dituela eta aurpegian barre bat irtengo zaiola hau irakurtzean; beraz, nire enara maitea, mila esker egun hartan esan zenidanagatik.

Eskerrak eman nahiko nizkieke hainbat pertsonari, eta inor ahaztu nahi ez dudanez, ez dut aipatuko izenik. Lehenik eta behin, eta ez da besteek baino garrantzi handiagoa daukatelako, Kurtzebarriko irakasle guztioi, zuekin asko ikasi baitut, eskerrik asko nirekin bilerak euskaraz egiteagatik, gauzak azaltzeko orduan eduki duzuen pazientziak ez daukalako preziorik. Guraso asko izan zarete nire ondoan egon zaretenok laguntzeko prest, zuei ere eskerrik asko. Barriketeroei, nirekin ibilitakoei eta baita beste taldekoei ere, euskaldun berriei eta euskaldun zaharrei, batzuk besteak gabe ez liratekeelako posible izango; txalupa batean bezala txalupak arraun barik eta arraunak arraunlaririk gabe; patroia ahaztu gabe, jakina. Dendari asko pozik egongo dira aurten, haien kandelen salmentek izugarri gora egin dute eta. Akaso, krisiari aurre egiteko gauza ona izan da azterketak edukitzea, zeren azterketa eduki dudan bakoitzean batek baino gehiagok piztu baitu kandelaren bat nik gaindi dezadan, horiei ere eskerrik asko.

Ezin da ukatu mundu honetan zerbait lortzeko esfortzua egin egin behar dela, baina esan beharra daukat nire euskararekiko ibilera ez litzatekeela berdina izango nire ondoan eduki ez banitu eduki ditudan irakasle eta ikasle taldeak. Urte hauetan asko ikasi dugu elkarrekin: dzanga-dzanga egiteaz aparte jakin izan dut mihura ez dela bakarrik zezenekin lotura daukan hitza, eduki ditugun matxurak zelan konpondu ere ikasi dugu, badakigu latigoa erabiliz ez dela ezer konpontzen, amodioak geure atea jo du… Denetik eduki dugu urte hauetan, batez ere, oso giro ona eta droga bat izango balitz bezala ezin dugu guztiz utzi euskaltegia, ziur nago datorren kurtsoan, aurten egon garenon arteko batek baino gehiagok errepikatuko duela. Zuei ere mila esker klaseak hain atseginak egiteagatik. Eskerrik asko, nigan euskaldun eta euskararen mundua ezagutzeko gogoa piztu zuenari ere, zeren berekin egon izan ez banintz hau dena ez bainukeen egingo.

Espero dut euskarak enara bezala bere hegoak zabal ditzan leku eta bihotz askotara iristeko.

-----------------------------

Ana Nogueiras Cadavid
Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak