Baserrian jaio eta bizi izandakoa naiz; beti izan ditugu abereak etxean, eta etxekotzat hartu ditugu. Hori bai, bakoitzak bere zereginak zeuzkan; horrela, txakurra, etxe ingurura basurderen bat inguratzen bazen, bizkor asko hasten zen zaunkaka eta bidaltzen zuen baserriko eremutik kanpo.
Katuak ere hantxe zebiltzan sagu edo satorren bat harrapatzen, eta batzuk zein besteak pozik asko zetozen bueltan harrapatutakoa erakustera. Animalia horiek hiltzen zirenean, pena galantarekin etxeko sats-pilan zuloa egin eta hortxe amaitzen zen gure harremana eurekin, nahiz eta gerora zenbaitzuekin hainbatetan gogoratu. Gaur, ostera, ume txikiak balira bezala hezten ikusten ditut hainbat lagun etxean dituzten animaliak; batzuetan, etxekoak baino gehiago, familiakoak modura kontatzen dituzte. Entzuna diot emakume bati bi txakurren ama dela esaten. Horrek guztiak kezka sortzen dit, gizakiok ditugun premia afektiboak estaltzeko ez ote gabiltzan animaliei gizaki izaera ematen; beraz, euren berezko sena galarazten.