Hori bai, sasoian sasoikoa: azak eta porruak tokatzen zirenean, azak eta porruak; eta babak tokatzen zirenean, babak. Eta, nola ez, astoarekin azokara bidean, sasoian jasotakoa saltzera.
Emakume haiek izan ziren, gerra garaian gure herriko kaleetan zegoen goseari aurre egiteko, han eta hemen prestatutako ortu txikietan lortzen zituzten jakiak zaindu eta saltzera eramaten zituztenak; askotan, trukean. Emakumea da, gaur egun ere, mundu zabalean, platerak jakiz betetzeko ortuko-lan zamarik handiena bere gain hartzen duena, baina inork ez dio lurra izateko eskubidea aitortzen. Mundu-mailan %15era ez dira iristen jabetza duten emakumeak; Erkidegoan, %30-35; Nafarroan, %30; eta Iparraldean, %25-30. Bestalde, Estatuko estatistika ofizialetan, %26 bakarrik dira nekazari emakume langileak, eta horren arrazoia da askotan haren lana "familia laguntza" edota "etxeko lanen eta zaintza lanen" adar bezala hartzen dela. Beraz, emakume askoren nekazari lana ez da bistaratzen eta ilunpean geratzen da, egiten duten lana aitortzeke. Baina jakin behar dugu emakumeek nekazaritzan duten papera aitortzeak mundu osoan 45 milioi pertsonaren elikadura-segurtasunik eza murriztea ahalbidetuko lukeela. Urteak eta urteak joan dira aitortzarik gabe, eta ez dugu lortuko 2026an Emakume Nekazariaren Urtea izendatzeagatik gauzak aldatzea. Baina hori baliatuz, Iparraldean elikaduraren inguruan daramaten ildoari hel diezaiogun, hegoaldean dugun neurrik gabeko eredu produktiboa zalantzan jartzeko, eta emakumeen aitortzarekin batera ezinbestekoa dugun elikadura-burujabetzaren inguruko hausnarketa sakonari bidea eman.