"Aintzane Oiarbide, errauskailuak eta minbizia (2)"

Erabiltzailearen aurpegia Ander Lizarralde Lizarralde 2013ko ots. 19a, 01:00

Otsailaren 1ean, zuk (Aintzane Oiarbide) Errauskailuak eta minbizia: demagogia eskutitz mingarria...

... idatzi zenuen GOIENAn. Han esaten zenituenei erantzuten jarraitu nahi nuke. Bertan, errauskailuen eta minbiziaren arteko erlazioa guztiz ukatzen zenuen. "Minbizia bezalako gaixotasuna inolako arrazoirik gabe beldurra sartzeko erabiltzeak ez du izenik", zenioen, besteak beste. Munduan zehar errauskailua eta minbizia lotzen dituzten "milaka" txosten mediku eta zientifikori bizkarra eman, erlazio hori frogatzen duten ebidentzia guztiak alboratu eta erabateko ziurtasunarekin horrelako esaldiak prentsan argitaratzeak badauka izen bat: arduragabekeria. Zure kasuan, arduragabekeria politiko eta instituzionala. 

Zure adierazpen seguruek Manuel Fraga Iribarne ministro frankistak agerpen publiko historiko batean erakutsi zuen jarrera dakarkidate gogora. 1966ko urtarrilaren 17an izan zen, Palomaresko hondartzan, Almerian. Orduko hartan bi hegazkinek elkar jo zuten Espainiako zeruetan. Hegazkinetako bat armamentu nuklear arriskutsuz beteta zihoan eta Palomaresko hondartzaren inguruko uretara erori zen. Bertan askatutako plutonioak kutsadura erradioaktibo larria eragin zezakeen. Horren aurrean, Fragak, AEBetako enbaxadoreak lagunduta, bainu bat hartu zuen Palomaresko hondartzan. Segurtasun itxura eman nahi zuen. Erradioaktibitatearen arrisku larria ezkutatu nahi zuen. "Hemen ez da ezer gertatu, lasaitu zaitezte herritar maiteok". Horra boterearen musika. Horra diruaren diskurtsoa. Zuek ere, Aintzane, Palomaresko sindromeak jota zabiltzate. "Errauskailuek ez dute inolako eragin kaltegarririk osasunean" segurtasun osoz baieztatu eta aurrera. Bainujantzia hartu eta uretara.

Errauskailua minbiziarekin lotzean beldurra sartzen gabiltzala diozu. Baina beldurra sartzen gabiltza edo errealitate beldurgarri baten presentziaz ohartarazten? Beldurra sartzen gabiltza edo eraikin beldurgarri bat Zubietan (edo Gipuzkoako beste edozein herritan) jartzea eragotzi nahian? "Gezurrak botatzen eta jendea beldurtzen" gabiltzala diozu, baina ez al da izango zuek "gezurrak botatzen eta jendea lasaitzen" zabiltzatela? Gezurrak bota eta jendea lasaitu. Jendeak pentsa dezala: "Jode, hain seguru esaten badu zerbaitegatik izango da".

Nik, badaezpada, ez nuke Palomaresen bainurik hartuko.

--------------------

Ander Lizarralde Lizarralde

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak