"Aintzane Oiarbideren erantzunari erantzuna"

Erabiltzailearen aurpegia Ander Lizarralde Lizarralde 2012ko eka. 11a, 17:00

Zure iritziekiko eta pertsonarekiko joera obsesibo bat dudala...

... dirudiela aipatu zenuen aurreko gutunean. Ez al da izango zuk atez atekoarekiko beste horrenbeste daukazulako? 

Errauskailuaren eraikuntzan, kudeaketan, planifikazioan, bertatik etekinak ateratzen eta errauskailuen aldeko politikak bultzatzen "zementua"-ren inguruko enpresak dabiltza nagusi. Euskal Herrian FCC bereziki. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako Hondakinen Kudeaketa Planak idazten ere FCCko jendea ibili da jaun eta jabe. Kudeaketa plan hauek datozen urteetan hondakinen kudeaketan hartuko den norabidea guztiz baldintzatzen dute. Eta zuek, Aintzane, plan errauskailuzale hauei men egin diozue. Amen. FCCk Espainiako, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Hego Euskal Herriko 27 milioi pertsonaren zaborrak batzen ditu. Horretaz gain eraikuntzaren negozioan, AHTren lanetan, porlanaren sektorean eta abarretan aritzen dira. Nik esan nahi dudana da, Aintzane, zuen alderdia interes enpresarial hauei lotuta dagoela erabat. Euren errepresentazio politikoa zuek zaretela. Eta Zubietako errauskailua defendatzean FCCren eta zuen poltsikoak defendatzen zabiltzatela. Baina gai honetan ezulertuarena egitea komeni zaizu, noski. Esaten dizut enpresa hauekiko morroi zabiltzatela. Eta zuk erantzuten duzu orduan Bildu Garbitaniaren interesen defendatzailea dela. Mesedez. Garbitania Usurbil aldeko enpresa txiki sortu berri bat da. Ze botere du? Ze eragin ahalmen? Zenbat langile izango ditu, 30en bat? Eta ze irabazi izango ditu? Jarri ditzagun mahaiaren gainean bataren eta bestearen kopuruak. Hemen alde batetik ingurumena eta osasunaren defentsa daude (herri interesen defentsa) eta bestetik diru interes konkretuak. Eta ikusi beharko da bakoitza non kokatzen den.

Horretaz gain, Bergarako herritarren atez atekoaren kontrakotasunari ahotsa ematen ari zaretela diozu. Beste gai batzuetan oposizioarekiko ez duzue horrelako adeitasunik erakutsi izan. Aramaioko alkatea AHTren inguruan herri kontsulta egiteagatik Audientzia Nazionalera joan zenean zergatik ez zenuten orain adinako hautsik harrotu? Zer egin zuen EAJk Zornotzako zentral termikoari buruz egin zen herri kontsultaren ezezko emaitza masiboaren aurrean? Kasu zipitzik ez. Lemoizen kontra milaka pertsona irten ziren kalera eta ze jaramon egin zenioten oposizio erraldoi hari? Zer egin zuen 2009ko urtarrilean EAJren esanetara zegoen polizia autonomikoak Urbinako AHTren kontrako oposizio jendetsuarekin? Gupidagabe makilkatu. Zubietako errauskailuaren kontra 30.000 sinadura aurkeztu ziren Gasteizko Parlamentuan, bertan gaia "tratatua" izan zedin. Zer egin zuen EAJk ? Sinadurak zakarrontzira bota. Historiaren zama bizkargainean. Arlo sozial eta ekonomikoan benetako pisua duten erabaki guztietan hamarkadatan inposizio sistematiko, jarraitua jazarri duen alderdi bateko ordezkari batek (zutaz ari naiz, Aintzane) zilegitasunik ba al du atez atekoaren aurrean apokalipsia iragarri eta behin eta berriz herri kontsultak eskatzeko? Inposatzaile curriculum distiratsuegia duzue iragan hurbilean.

Kafe bat hartzera ere gonbidatu nauzu Bergarara. Onartu egingo dizut gonbidapena, baina inporta ez bazaizu Antzuolan hartuko dugu. Horrela, bertako herritarrei atez atekoaren deserosotasunaz galdetzeko aukera izango dugu. Eta kaleetan ea zikinkeriarik eta higiene faltarik dagoen ere begiztatu dezakegu. Intimitatearen galera zenbatekoa den eta herrian zehar ea kiratsik dagoen ere begiratuko dugu nahi baduzu. Sinadura botarazi diezuen guztiei ere luza iezaiezu gonbidapena.

Azkenik, esan nahi dizut Iñaxio Uriaren hilketari egin diozun erreferentzia sobra samar dagoela erabili duzun bezala, nahiz eta ez dizudan adierazpen askatasunik ukatuko.

--------------------

Ander Lizarralde Lizarralde

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak