Eskerrik asko!

Urbaltz elkartearen eta Montferri herriaren arteko elkartrukearen beste edizio bat egin genuen aurreko asteburuan. 

Balorazio ezin hobea egiten dugu, eta emaitzarekin oso pozik gaude.

Zalantzarik gabe, arrakasta horretan zerikusi handia izan du antolakuntzarako eratu den talde sendoak, baina garbi dugu ezin izango genukeela hori guztia aurrera eraman modu batean edo bestean jaso dugun laguntza barik. Lerro hauen bitartez, gure eskerrik beroena luzatzeaz gain, gure poz hau ondoan izan ditugun guztiekin partekatu nahi dugu.

Alde batetik, euren parte hartze zuzenarekin, taloak egiten, mahaiak jartzen eta kentzen, plaza garbiketan… lagundu diguten dozenaka adiskide daude. Zuek banan-banan aipatzen ahalegindu ere ez gara egingo, horretarako larregi zarete-eta, baina guztiokin gogoratzen gara.

Bestalde, erosketak errazten edota tresna zein ontziak utzi dizkiguten komertzio eta elkarteak: Iosu eta Ion harategiak, Areder arrandegia, Taberna Barri eta Exprex tabernak, Matikua eta San Miguel jatetxe ohiak eta Eguzki Alde eta Loramendi elkarteak, eta Kurtzebarri Eskola.

Egubakoitzeko afaria zein domekako ekintza batzuk posible egin dituzten herriko ekoizleak: Zaloña Aurrekoa, Etxezuri, Mitarte Garai, Mendibitzu eta Areantza Etxebarri baserrietako lagunak.

Hiru egunetan zehar euren lana eskaini diguten artistak: Iñaki San Miguel, Upeide, Eñaut Zubizarreta eta Larraitz Iparragirre, Ekain Martinez de Lizarduy eta Iñigo Iñurrategi.

Azkenik, eskerrak baita ere Aretxabaletako Udalari eta hango langileei.

Guztioi mila esker! Aretxabaleta herri bizia eta solidarioa dela erakutsi dugu berriz ere. 

Gora herria! Visca la terra!

----------

Anjel Bergaretxe

Urbaltz elkarteko Zuzendaritza Batzordearen eta Antolaketa Taldearen izenean

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak