Txosna Batzordearen gutun irekia, Oscar Garcia Arrasateko PSOEko zinegotzi eta Udal Gobernuko kideari erantzunez

Erabiltzailearen aurpegia Ane Guridi 2017ko uzt. 7a, 00:00

Zinegotzi jaun hori:

Txosnagunea jai eremu irekia da. 

Bertan, sentsibilitate askotako lagunak elkartzen gara jaietan eta lan boluntario eta aldarrikatzailez, gune horri giro desberdin eta bikaina ematen diogu guztion artean. Horregatik, Txosna Batzordeak ez du inoren adierazpen askerako eskubidea mugatuko. Horretarako zu zeu zaude, Oscar, eta ederto asko egiten duzu lan hori.

Mezu askotariko pegatinak agertzea ez da urduri jartzen gaituen zerbait. Baliteke euren leloarekin bat egitea edo ez egitea, baina ez ditugu inoiz kenduko, Txosna Batzordeko eragileen idearioaren aurka zuzenean jotzen ez duten bitartean. Bestalde, guk ez daukagu astirik txosnetan jartzen diren pegatinak nork jarri dituen asmatzen ibiltzeko, eta are gutxiago jarri dituenaren atzetik harrapaketan ibiltzeko. Guk gure egitekoak dauzkagu, zeuk zeureak.

Zuk aipatutako "jaien politizazioari" dagokionez, zu zeu zabiltza arazorik ez dagoen lekuan hautsak harrotzen. ETA goraipatzen dugula esan duzu, eta egin duguna baimendutako manifestazio bat izan da, herri honetako presoen eskubideak errespeta ditzaten eskatzeko. Gu pozarren egongo ginateke datorren urtean eurekin batera jaiak gozatuko bagenitu, kalean. Horrela, guk ez genuke manifestazio hori egin beharko berriro, eta zu ez zinateke hainbeste atsekabetuko. Hori dela eta, ohartxo hau aprobetxatu nahiko genuke presoen auzi hau konpontzen lagun diezaguzun eskatzeko, guztion hobe beharrez.

Bukatzeko, batzorde hau beti egongo da zure dei, kezka eta burutazioei erantzuteko gertu. Zuk deitu, eta berehala joango gatzaizkizu, gure herriko zinegotzi eta agintari jauna baitzara.

Prestutasun eta adeitasun osoz: 

Arrasateko Txosna Batzordea.

----------

Ane Guridi eta Mikel Uranga

Arrasateko Txosna Batzordearen izenean

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak