Edo hori uste genuen, behintzat, gizakiaren egoismoak eta apaltasunik ezak berriz azaleratu diren arte. Denboraren joan-etorrien eraginaren aurkako antidotoa zuen lekuak ere ezin izan dio gizadiaren berekoikeriari eutsi.
Gure bailarako lehen biztanleen babeslekua izan zen. Gure DNAren parte direnen aztarnak sekretuan mantendu izan ditu bere barruan mendeetan zehar. Tamalez, guk, trukean, inongo erreparorik gabe, alderik alde zulatzeko ausardia izan dugu. Gure aurrekoak babestu izan dituen barrunbe honi ziztada emateko eskrupulurik ez dugu izan.
Errespetua eta jasangarritasuna banderatzat dugun belaunaldiarentzat, ez al da hipokrisia hutsa urteetan zehar gu babestu izan gaituen tokia era unilateralean suntsitzea? Hau al da gure atzetik datozenei utzi nahi diegun legatua? Hauek al dira XXI. mendeko Homo sapiens-ak dituen balioak?