Historiaren zehar, kultura gehienak eguzkiaren boterearen testigu izan dira. Horren isla zibilizazio ezberdinek legatutzat lagatako mitologian aurkitzen dugu. Ugariak dira oso, hain miretsia izan den suzko gorputzari emandako izen eta formak: Eguzki-lorea (Euskal Herria), Helios (Grezia), Ra (Egipto), Shamash (Mesopotamia), Inti (Inkak)…
Izar honek gizakiarentzat izandako protagonismoa ez da harritzekoa, berak ahalbideratu baitu bizitzaren garapena lurrean. Gainontzeko kulturen antzera, arrasatearrok ere bageneukan eguzkiaren ahalmenen berri. Ziurrenik urteko egun berezienak direnetan, sorginen maisulana izango balitz moduan, eguzki izpiek parrokiako arkua azpitik gurutzatu eta herriko patroia den San Juan argitzen dute. Ekainaren 24an 20:00etan, minutu batzuez miretsi daiteke fenomeno hau.
Aurreko gauean, herriko gazteen dantzek motibatuta, eguzkiak bueltan ematen digun oparia ote?