Hainbat kobazulo, bidezidor, pareta bertikal eta behin itsaso azpian bizi izan zirenen aztarnak gordetzen ditu. Bere bi gurutzeen artean Sanct Asentio Ermita-ren arrastoak daude. Haren zelai eta haitzen artean ibiltzen garenontzat, aztarna hauek hamaika istorio imajinatzera eraman gaituzte.
Ermita honen inguruko lehen albistea 1528ko dokumentu batek jasotzen du. Ziur nago, horma horiek hitz eginez gero, egun bizi izan ditugun parrandetatik oso ezberdinak ez diren makina bat kontakizun ezagutu ahal izango genituzkeela. Ofizialki, 1769. urtean, Gipuzkoako Batzar Nagusiak ermitaren itxiera ebatzi zuen, nahiz eta gerora ere arrasatearrok bertaratzen jarraitu izan dugun.
Arrasateko zaindaria da Udalaitz, eta behin nire aitonak esan bezala, herriko "presidentea" ere bada.