Nor itzuli ote da etxera oparirik gabe? Nor ote dabil, azken egunetan, arropa berdinak jantzita? Ba, horietariko batena izan liteke maleta. Edo ez. Zabaldu egingo dugu.
Blusa urdinen, gonen eta barruko arropa beixen artean idazteko makina bat ageri da. Eta barruko poltsikoan Cabot Coveko etxeko giltzak. Jessica Fletcher-ena da, zalantzarik gabe. Edozein herritara iritsi, beti hilketa baten lekuko izan eta azkenean hiltzailea nor zen argitzen zuen idazlearena.
Zer gertatu ote zaio, ordea? Zergatik utzi ote du maleta aireportuan ahaztuta? Ez zuen, ba, gabardinako gerrikoa estutu eta, korrika alde egin beharra izango? Agian, bai. Agian, konturatu gara, azkenean ere, dena ez zela kasualitatea izan; ez zela kasualitatea bera iritsi orduko norbait hilda agertzea. Azkenean, konturatu gara hiltzailea Jessica bera izan dela, hasiera-hasieratik. Serie bateko lehen serieko hiltzailea.