Astelehenero

Superheroi bat daramate anbulantzian. Laneko istripua izan du.

Hegan zebilela zazpigarren solairuko leiho baten kontra jo eta erori egin da. Ez du ondo ikusten eta adinarekin erreflexuak galtzen ere hasi da. Larrialdietako itxaron-pasilloan utzi dute, ohatila batean etzanda, eskuak eta kapa ohatilatik zintzilik dituela. Hamabi orduz, behintzat, zain egon beharko du gela bat egokitu arte, hormigoizko zubiak eraiki behar baitira tren bat azkar pasa dadin eta ez baitago ongizaterako dirurik.

Alboan, aurrera eta atzera dabilkiona antsietateak jota dago. Zirkuko laban jaurtitzailea da. Aspaldi diagnostikatu zioten Parkinson gaixotasuna baina lanean jarraitu behar izan du. Dardara bikoitza sentitzen du labana jaurti behar duen bakoitzean, kontrolaezinak biak. Eta, azkenean, gaur lankideari zintzurra erdibitu dio jaurtiketa bakarrarekin. Ez du lanera itzuli nahi, baina kotizatzen jarraitu beharra dauka.

Edonorena izan daitekeen eta berakatz usaineko eskuak dituen amona malabarista begira dute. Zutitu eta hurbildu egin zaie.

"Astelehenero, 12:00etan, plazan", esan die.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak