Argumentu hori komunikabideetan errepikatuz gero, sinetsi eta defendatu ere egingo genuke; beste hainbesterekin egin dugun bezala.
Denok pertsonak garela ere sinetsi dugu. Baina batzuk hil egiten dira korrika ari direla, ihes egiteko korrika ari direnean, beldurra, orpoz orpo, jarraika dabilkienean are bizkorrago korrika egin behar dutenean. Gero, Lavapiesen, emakume senegaldarrak megafonia hartu eta "gu ere pertsonak gara" gogorarazi beharko du.
Ehunka kilometro eginda, kartzelako garitara iritsiko gara. Ilara. Ez ditugu ezagutzen baina azkeneko bisitako ilarakoen antza dute. Funtzionarioek hatz-marka egiaztatzeko eskatuko digute. Sartu gaitezke bisitara, egiaztatu dute guztiok gaudela estatu espainiarreko parien zerrendan. Guztiok legearen aurrean berdinak garela ere sinetsi dugu; batzuk beste batzuk baino berdinagoak.
Argazkiak ateratzeko turistek eskua Pisako dorrearen bestaldean jarriko balute, dorrea zuzendu egingo lukete, beraz. Batzuk besteen azalean jarriko balira, baina ba al dute hori egiteko beharrik?