Ustel usaina jasanezina izan arren, gurpil aulkian ateratzen zuten kalera, koadrodun mantak belaunburuak estaltzen zizkiola.
Ingurukoak konturatuta zeuden.
-Aizu, hilda dago, e!, esaten zieten.
-Inoiz baino osasuntsuago dago hau!, erantzuten zuten, ordea, mespretxuz.
Laster hasi zitzaizkion zizareak begi zuloetan eta haragia belzten. Deskonposizioa. Eta gogotik egin behar izan zuten lan tanatoestetizistek, hilotz hartan bizia irudikatu ahal izateko.
Usteletik bizi nahi duten putreak zebilzkion inguruan, bizkartzain lanetan, kalean gora eta behera paseatzen zuten bitartean.
Halako batean, katalanek lurrean zulo sakona zabaldu eta bertan ehortzi zuten agurea.
Baina zonbien antzera, hilobitik metakarpoa, kubitu eta erradioa atera nahian dabil, eskua luzatuta. Euskal herritarrok harlauza pisutsua ezarri behar diogu, lehenbailehen, hilobi gainean, "una, grande y libre" izateari –inoiz izan bazen– aspaldi utzi zion hari.