Super-heroia mundua salbatu nahian ibiliko da, baina bere burua ere zaindu ezinik. Grazia gutxiko pailazo ugari besteen kontura barrez. Neskaz mozorrotu den ingeniaria, mahai gainean, lankideekin dantzan eta edukiera jadanik beteta duen tabernako jende-oldean bi olagarro.
Donald Trumpen ileordea jantzi duena kebaba jaten eta Hannibal Lecter begira, bera ere gosetuta. Spiderman libiarra atzeko harresia gainditu nahian.
Guardia zibila biraoka, mehatxuka, harro, inor bera jotzera ausartuko ez den ziurtasunaz. Dracula txapelokerraren lepora begira, koska egiteko prest.
Zonbiak egurrezko bankuan eserita, logale. Euli erraldoia ere aho zabalka. Boxeolaria kale kantoian pipak jaten, ninja mozkortuta eta behia txateatzen.
Laster estreinatuko da film surrealistaren aurtengo atala. Denok ere garen modukoak agertuko garenez, filmaren bukaeran onartu egin beharko dugu ez gaudela batere ondo. Edo bai?