Goizean pediatrarengana joan ginen bi hilabete oraindik bete gabe zituen alabarekin. Etxera itzultzean 6 ertzain ikusi genituen etxe kanpoan. Gure etxeko sarrerako atea apurtuta, lurrean eta barruan beste horrenbeste udaltzain.
Lau ordu eman zizkiguten gauzak etxetik ateratzeko. Noraezean ibili ginen gauzak bildu nahian. Logelatik sukaldera, sukaldetik komunera, egongelara, bi udaltzain etengabe atzetik genituela.
Alaba negarrez. Gu negargurari eutsi ezinean.
Gogoan dut agindutako edozer gauza egiteko prest ote zeuden galdetzen geniela udaltzainei. Batzuek burlaka eta biraoka erantzun ziguten; beste batzuek, isiltasunarekin.
Ordu bietan, balen aurkako txalekoak jantzita, ezkutuak eta mailuak hartuta sartu ziren. Komuna eta sukaldea txikitzen hasi ziren, hormak zulatu eta eraisten. Gure etxea izan zena obra-hondakin nola bihurtzen zuten ikusi genuen.
"Os damos por desalojados" esan ziguten orduan eta bultzaka atera gintuzten etxetik.
Ongizatea bermatuko digutela dioskuten zenbait politikarik aste honetan ama eta adingabeko seme-alabak beraien etxetik kanporatu dituzte. Familia horrentzat gaua logela arrotzean eta pintza ahuletatik zintzilikaturiko goiza. Etxe huts bat gehiago orain Zabalganan eta zigor eredugarria hilabete bukaerara iristen ez denarentzat.