Aroztegia eta gero zer?

Ez naiz baztandarra, oñatiarra naiz. Baina Baztango bazterrak nire logelan ere sartzen dira.

Bai hemen eta bai han baliabide urria dugu lurra, malkartsua ez dena bereziki. Baina berau  eraldatzeko interesa - ekonomikoa eta politikoa - ez da batere urria, ez horixe. Errauskailua, Donostialdeko metroa, Aroztegia, AHT… Baina lasai, azkena ezik, gainerakoak ez baitituzte gurean eraikiko. Beno “gurea” sentitzen dugunaren arabera, beti ere.

Aroztegia dakart gaur. Egur gutxi landuko duen baina egur asko jasotzen ari den aroztegia.

350 biztanle baino ez dituen Lekaroz herrian eraiki nahi dute hormigoizko aroztegi hori. 135 logeladun 4 izarreko hotela, golf zelaia, golf eskola, lorezaintza eskola eta bigarren etxebizitza izango diren 223 etxe berri.

Garapen ekonomikoa ekarriko omen du egitasmo urbanistiko horrek Baztanera. Berau sustatuko duen  enpresaren  garapen ekonomikoa izango da, noski.

(Oin berriko) etxebizitzen  beharra omen dago, baina Baztanen ere  800 etxe huts baino gehiago dago, eraberritu daitekeen ondare arkitektoniko ikusgarriaz gain.

Jasangarria ere  izango omen da, nahiz eta ez urbanizagarriak diren 46 hektarea birkalifikatu, lur komunalak okupatu, Lekarozeko biztanleria hirukoiztu, golf zelaiaren mantenurako lur azpiko akuiferoak lehortu, egoera soziolinguistikoa aldatu…

Makroproiektu  hori  ez dela egingo espero dut, zinez. Nekez ezkutatuko luke lanbroak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak