Ez da berdina, goizaldera, etxera bidean mutil bat gure aurretik joatea edo gure atzetik etortzea.
Ez da berdina biolentzia matxistak eraildako emakumeen kopuru totala gordin ematea, edo urtea hasi orduko, amorrua baretze aldera, kopurua berriz 0-tik hastea.
Ez da berdina Jainkoa maite dutenez ostia kontsakratuekin pederastia hitza idatzi izanak batzuei sortu dien nazka eta mina (horrela adierazi zuten) eta pederastiak haurrei, beraien senideei eta ingurukoei sortzen diguna.
Ez da berdina Iruñeko erakusketa horrek Jainkoari sortu dion trauma eta haur horiei guztiei pederastiak sortu, eta sortzen, diena.
Ez da berdina Parisko atentatuan hil den izen eta abizen eta amets eta lagun eta ikasketadun biktima izatea, edo Sirian hildakoa izatea.
Ez da berdina biolentzia, egilearen arabera, terrorismoa denean edo giza eskubideen defentsa denean.
Ez da berdina hipster bizardun batek Siriarako txartela erostea, edo txartel berdina jatorri siriarreko gazte belgikarrak erostea.
Ez da berdina, baina onartu egiten dugu.