Aulki jokoan bezala, hutsik dagoen lehen tokian itsasten dira eta aulki jokoan bezala, bada aulkirik gabe gelditzen denik ere.
Hauxe imajinatzen dut albistegi bakoitzaren ostean, bertan entzundako zenbait hitzek niretzat, behintzat, beste esanahi bat dutela pentsatu eta hiztegi orojakileak zer dioen jakiteko zabaltzen dudanean.
-Definizio finkorik ez da existitzen- esango lidakete zenbait hizkuntzalari eta filosofok.- Hitzak “Adierazle hutsak” dira, esanahi finkorik gabeak, kaxa hutsak. Garaian garaiko ikusmoldeek bete izan dituzte hitz hauen kaxak esanahi ezberdinez.
Aste honetan presidenteetariko bat, lehendakaria eta zenbait kargu politiko ikusi ditugu; irribarreak eta txaloak: Espainia, bankua, biktima, memoria.
Lau hitz horiek definizio berdina dute gaur herritar askorentzat. Irribarrerako zirrikiturik ez.
Nik hiztegian definitu nahi dudan Espainia ez da beraiek definitu dutena, banku eredua ere ez da berdina, ezta biktimen multzoa ere. Are gutxiago memoria.
Hiztegia zabaldu eta borragoma lodi batekin definizioak ezabatzen hastea onena eta hitz bakoitzari garai eta leku honek eskatzen dituen esanahiak ematen hastea.