Bestearen egonezina aztertuz, besteak praketan eta aurpegian dituen zimurrei begiratuz, zer lanetan aritu ote den, zer esperientzia ote duen asmatu ezinik. Disimuluz elkar arakatzen.
Bi alde batean daude eserita eta hirugarrena aurreko aulki-ilaran. Gela oso txikia da.
Gazteenak 45 urte ditu, azken bi urtetako langabeziak ez dizkio esku zartatuak leundu. Orain izerditan ditu. Bikoteari lana aurkitu duela esan nahiko lioke elkarrizketatik etxeratzean; ea gaurkoan.
Zapata marroiak dituenak somnifero kaxa izaten du logelako gau-mahaian, pilatutako fakturen gainean. Normalean ez du jakiten noiz egin negar, alabak oheratu aurretik edo ondoren. Lana lortuz gero konponduko liratekeen gauzen zerrenda darabil buruan. Ea gaurkoan.
Aurrez aurre eserita dutena aspaldi hasi zen hotza sentitzen, beso hezurtsu bat balitza bezala gerria estutzen dion hotza. Bere burua izozkailuan sartu eta oharra utzi nahiko luke atean, guztia konpontzen denean handik atera eta desizozteko eskatuz. Lan honek gauzak hobetuko lituzke ordea, oreka pixka bat emango lioke oraindik guztiz erori ez denari. Ea gaurkoan.
Zabaldu da azkenean bulegoko atea. Hirurek begiratu diote bertatik irten denari. Jarri duten aurpegia ikusita, lan baldintzak kaskartu, soldata jaitsi eta lanorduak igota ere hirurek ere edozeri baietz esango lioketela iruditu zaio...
Gero langile baten heriotzaren osteko galdera etorriko da: Zergatik ez ote zuen arnesa jantzi?