Danbor arradak entzun dira eta malabarista etorri da argitara, lotsati antzera. Hitz bat, bi susmo eta lege bat darabiltza airean biraka. Laguntzaileak bi sumario bota dizkio, bat lehenengo eta bestea gero. Malabar guztiak erori zaizkio orduan. Beraien pisuz jausi dira hitz, susmo eta lege injustuak, baina malabaristak bere ikuskizuna amaitu egin behar du. Jaso eta airean mantenduko ditu airean eusten ez badira ere. Gomazko gorputza duela dirudien bihurrikari edo kontorsionista hanka puntetan jarri eta atzerantz plegatu da, burua orpoen arteraino eraman eta muxu eman dio lurrean dagoen liburuari, Constitución española horitu horri.
Sabaira zuzendu dute fokua. Bi akrobata ageri dira buruz behera, saguzarren tunika beltza soinean, demokraziaren kulunkan zintzilikaturik. Zelatan, erortzeko beldurrik gabe; inpunitatearen zorua biguna omen da eta. Magoa agertu da ke artean. Abokatu-karnet bat sartu du kapelu barruan, hitz magikoak esan eta bonba bat eta 150 orriko sententzia atera ditu. Ohe itxurako kaxa ekarri dute eszenatokira, boluntariorik ez dago. Magoak atzamarra luzatu eta bat seinalatu du. Publikotik atera dute. Kaxan sartu. Orduan hezitzailea etorri da bibotea orraztuz, kaxa ezpataz zeharkatzeko asmotan.
Ez dugu ziurrenik denbora luzean berriz ikusiko. Gaurkoz amaitu da zirkua. Ez du inork txalorik egin.