Ez bizitza geldo bizi dutelako, ez euria gustatzen zaielako. Ez. Barraskiloak izan nahiko genuke, etxe propioa dutelako. Baina bare jaio ginen. Gehienok, behintzat.
Azken urteotan eginahalak egin ditugu barraskilotzeko. Erruz egin dugu lan, gurasoak kakaztu ditugu diru kontuetan eta banketxeetako mahaietan erregutu ere egin dugu. Baina merezi izan du, bai horixe! Orain barraskiloak gara: "Gure oskol propioa dugu. Gurea eta gurea bakarrik den gure oskola".
Joan dira zenbait negu eta hilero dirua pilatzen jarraitu dugu, ordukoek bezala guk ere egungo jauntxoei emateko. "… pertsona orok du etxebizitza duina izateko eskubidea…", esan du norbaitek bat-batean, eta denok barrez hasi gara, txiste bikaina baita.
Eta beste negu batzuk ere joan dira, ertz gehienak zorroztu ondoren. Zelai, landare eta letxugak barraskiloz bete dira. Bi, hiru edo eta lau oskoldunak ez dira erraz ikusten, letxugaren mami gozoenean bizi baitira. Asko nekez dabiltza arrastaka, asko oskoletik burua atera ezinda, eta gero eta gehiago zapataren zolak zapaltzen ditu, kraska!
Aurten iaz baino oskol huts gehiago gelditu omen dira San Prudentziotan Gasteizko plater ertzetan, eta zoritxarrez aurten iaz baino bare gehiago ikusten da etxegabeturik.