Nik Eliza maite dut

Aurreko asteetan Asier Elorzak eta Ion Molinak idatzitakoei nire ekarpentxoa egin nahi nieke.

Asierrek esaten duenari kasu eginez, ulertzen dut ez dela izan bere asmoa inor iraintzea. Eta berak gauza polit bat esaten du: "Eta argi geratu dadila ez daukadala ezer goikoaren kontra". Ulertzen dut ez duela ezer Jainko Ama-Aitaren kontra. Eta horrek asko poztu nau. Gaur, Jesusek Asierren gutunak irakurriko balitu, zer erantzungo ote lioke? Gauza bat badakit, maitasun handiz erantzungo liokeela, eta pozik berarekin bazkaltzera gonbidatuko lukeela.

Asierrek esaten duen guztia hor dago, orban asko eta justifikatu ezina justifikatzerik ez dago. Baina Eliza hori baino askoz gehiago da. Eta edertasun asko, maitasunetik egindako eta maitasunezko ekintza ugari ere ikusi dezakegu. Eta niri Elizak lagundu dit altxorra bilatzen; lokatz eta bilgarriz estalia egon arren, altxorra aurkitu dut, altxor preziatua.

Eta orduan, nik Eliza maite dut. Horrek ez du esan nahi gauza asko ez ditudanik kritikatzen, eta benetan minez, gainera, eta zaila egiten zait askotan, baina garbi daukat Eliza maitatu egin behar dudala, eta, ezer aldatu nahi badut edo berritu, lehenengo, ezagutu eta maitatu egin behar dudala. Nolabaiteko begirada ezkor eta kritika huts gehiegi ikusten ditut Elizari buruz, daukaten objektibitatea ukatu gabe. Nik bestelako Eliza eredu bat nahi nuke. Baina indar asko daude kontra. Bestelako Eliza hori barrutik berritzea dugu eginkizun, eta maitasunez egitekoa. Uste dut Jesusek horrela nahi duela. Nik gaur Elizari pare bat gauza eskatuko nioke: bat, izan dadila ni bezain narras bat kabitzeko modukoa –nik, zintzoa banintz, izango nuke lekua Elizan?–; eta bigarrena, atera nazala nire narras egoera horretatik pixkanaka eta jaso nazala beste duintasun batera.

Asier, zure salaketa zure estiloan baliotsua izan daiteke, eta, eraikitzaile bihurtu nahi baduzu, jarrai lanean egoera aldatzeko. Goikoak maite zaitu eta ez dizu hutsik egingo. Ama-Aita zain duzu.

----------

Andoni Uribeetxeberria

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak