Urrutiko intxaurrak hamalau...

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2024ko ira. 7a, 18:46

Eddie Dunbar helmugan. (Argazkia: @lavuelta).

Picon Blancoko etapak kontrol eta zaintza gehitxo eta ikuskizun apala utzi ditu; Eddie Dunbar-ek bere bigarren etapa garaipena lortu du eta Top 5ean ez da aldaketarik egon.

Urrutiko intxaurrak hamalau... gerturatu eta lau. Halaxe joan da Vueltako azken aurreko etapa, denetan gogorrena, menditsuena. Asko espero zen, baina itzuli handietako azken asteek, azken etapak antzekoak izaten dira sarri: kontrol, zaintza handia, eta ausardia gutxi. Alegia, hobe dela 18-19 egunetan irabazitakoa gordetzea, erabaki oker bat hartu eta hain kostata lortutakoa galtzera arriskatzea baino. Bidean zazpi, 10, 12 edo hiru mendate jartzeak ez dauka garrantziarik. Txirrindularitza ziklistek egiten dute gogor, ez ibilbideak, eta Vueltan, irailean, inguruan udazken usaina nagusi, txirrindulariak pintzetatik zintzilik ari dira; indar gramo bakar bat gabe. Ondorioa? Iraun, eta etapa hasi aurretik nengoen bezala geratzen banaiz, konforme.

Etapa hasieran 10 laguneko ihesaldia egin da, baina deigarria izan da T-Rex, Education First, Groupama edo Movistar taldeek kiderik ez sartzea, etapa bukaeran euren liderren alde zubi lana egiteko. Soler sartu da, Vine, Castrillo, Frigo eta beste, eta sei minutuko zuloa ireki. INEOS taldea lanean jarri den arte. Imanol Erbitik esan duenez, Carlos Rodriguez-en eraso bati begira lasterketa gogortu nahi zuten. Hanka sartze ederra egin dute, Granadakoa atzean geratu baita Los Tornos mendatean, eta gazteen sailkapena eta Top 5a galdu. T-Rex-ek hartu dio txanda INEOS-i, itxuraz Mikel Landaren erasoa prestatuz. Hiru ziklista erre ondoren, ordea, Landak ez du erasorik egin, eta ez da ezer gertatu Los Tornos-en. Zaintza eta kontrola, eta zeharkako begirada franko.

Sivakov-ek baliatu du zaintza hori hanka egin eta minutuko zuloa irekitzeko Picon Blanco mendateari ekin aurretik. Ondo eutsi dio lehen hiru kilometroetan, baina mendateko zati gogorrenean Los Tornos eta Espinosa de los Monteros herriaren artean xahutu dituen indarrak bota ditu faltan. Landak, Roglic-ek, Mas-ek eta Carapaz-ek keinu batzuk egin dituzte, baina ezer seriorik ez. Oilarren arteko zaintzaz jabetuta, Eddie Dunbar-ek jo du aurrera. Erritmo konstantearekin, serio. 20 bat segundo lortu ditu, eta oilarrek uneoro begibistan eduki badute ere, iraun egin du. Gaudu saiatu da bere bila joaten, baina bete egin da frantziarra. Oilarrak lasai joan dira, O'Connor bera onenen multzora batu baita. 200 metroko lasaitasun horrek arnasa eman dio Dunbar irlandarrari etapa garaipen ederra lortzeko. Mas helmugaratu da bigarren, eta gertu, hurrenez hurren, Roglic, Carapaz, O'Connor eta Gaudu.

Podiuma erabakita dago, baina bigarren eta hirugarren nor izango diren dago argitzeko. O'Connor-ena da postua, momentuz. 11 segundoko aldea kentzen dio Enric Mas-i, eta biharko 25 kilometroko erlojupekoan desorekatuko da balantza baten edo bestearen alde. Carapaz-ek ezinezkoa du podiuma, eta Gauduk lan ona egin beharko du Skjelmose-ek bosgarren postua lapurtzea nahi ez badu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak