Esne mamitan, olatuaren aparretan, lainoetan dantzan... Kern Pharma taldea hegan dabil Espainiako Vueltan, eta itzuliko talde onenaren titulua irabazi du dagoeneko, Urko Berrade nafarrak hirugarren etapa garaipena eman dio taldeari, eta garaipenez harago, nabarmentzekoa izan da taldeak, Juanjo Oroz, Mikel Ezkieta eta Mikel Nieveren gidaritzapean, gauzatu duen estrategia. Taldeko hiru ziklista indartsuenak sartu dituzte 42 laguneko ihesaldian: Berrade bera, Castrillo eta Pau Miquel. Herrera gaina elkarrengandik gertu pasa dute hirurek, eta Arabako Mendialdeko muinoetan kontrol lan aparta egin dute. Pau Miquel zen buruan geratu diren dozena lagunetan azkarrena, eta mehatxu horrek aginte-makila eman die ihesaldi ahaleginak kontrolatzeko. Kern Pharmakoek terrenoaren ezagutza bikaina erakutsi dute. Korres herria pasa ostean zegoen muinoan jo du Kruiswijkek, eta haren atzetik abiatu da Urko. Herbehereetakoa larri zihoala ikusi eta bakarrik egin du aurrera iruindarrak. Atzean bata besteari begira geratu dira, Kerneko Miquel eta Castrillo polizia lanetan zirela, eta besoak garaile jaso ditu Urkok.
Oilarren artean ere izan da zer kontatua, Education Firstek eta Carapazek eskorta xaxatu baitute. Juanma Garatek estrategia sinplea baina eraginkorra prestatu du: ihesaldian zubi lana egingo zuten kideak sartu, eta Herreran Chalequito Cepedarekin oilarren hauspoa bertotu, eta erasoa jo. Ondo eutsi diote ekuadrotarrari Mas-ek eta Roglic-ek, eta O'Connor-ek ere bai, hasiera batean. Liderrak, baina, 10-12 segundoko atzerapena zeukan gainean. Handiagoa Mikel Landak, nekeak jota: 45 segundo. Landaren ezina ikusita, EF-eko Rafferty eta Shaw gainean geratu dira onenen tropelaren zain, Carapaz-i lagundu eta arabarra atzeratzeko. Antzera egin dute ihesaldian sartu eta aurretik ziren Groupama, Movistar eta INEOSko morroiek, eta Murgiakoaren atzerapena bi minutura joan da azkar.