Roglic-en ipurdia, politena

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2024ko abu. 30a, 18:12

Esloveniarrak kolpe handia eman du Ancares-.en, aurkari guztiak atzeratuz; minutua sartu dio ia Mas eta Carapaz-i, bi minutu eskas O'Connor-i, eta Landa izan da onena Roglic-en ostean, minutu erdia emanda; Rusty Woods-ek irabazi du etapa.

 

Ahoak ixten jarraitzen du Primoz Roglicek; ipurdia erakusten denei, atzealde politena bera dela esan nahiko balu bezala. Granadako etapan majo sufritu zuen esloveniarrak, bizkarreko minak eta bero sapak erasanda, eta aurkariak puztu, hazi egin ziren BORA taldekoaren ahuldadea baliatuz. Enric Mas, batez ere, behingoz Roglic menderatu eta Vuelta irabazteko moduan zegoela azpirramatuz egun batean bai, bestean ere bai. Ba ez da hala izango, edo nabarmen aldatu beharko da panorama, horrela izateko. Roglic-ek kolpe handia eman du Ancares gainean. Aurkari guztiak hautsi ditu, bere taldekideek Ancares-ko lehen kilometro eta erdian lan bikaina egin ondoren; aurkarien hauspoa behartuz. Mas-ek bakarrik eutsi dio Roglic-i hasiera batean, baina Movistar-ekoak etsi egin behar izan du helmugatik bi kilometrora.

Hainbesterako, bete samar egin duela azken tartea, larri. Mikel Landa, Carlos Rodriguez eta Carapaz-ek aurreratu egin dute Mallorcakoa, eta 54 segundo eman ditu. Landa eta Rodriguez aurretik zirela imaginatu egin behar izan dugu ikusleok, telebistak ez baitu erakutsi bi horien helmugaratzea. Enric Mas-en iritsiera erakutsi nahi izan dute bai edo bai, eta sailkapenean begiratu behar izan dugu Landa noiz sartu den jakiteko. Mas-ek bezala, O'Connor-ek liderrak ere ikaragarri sufritu du, eta bi minutu galdu ditu ia. Dagoeneko 1.21eko errenta murritza dauka esloveniarrarekiko, eta maillot gorria galtzeko arriskua dauka etzi, Cuitu Negrun.

Etapa ihesaldiak markatu du. 24 lagun sartu dira eta Van Aert gozo-gozo buruan. Hainbesteraino, malkar piko batean ere hanka batekin irabaziko zuela zirudiela. Flandeskoak, baina, amore eman du Rusty Woods-en kemenaren aurrean, eta Kanadakoak etapa garaipen handia lortu du mitikoa izateko itxura duen gailurrean. UAE taldeak egoera ezin hobea zeukan etapa irabazten saiatzeko, Soler, McNulty eta Vine sartu dituztelako ihesaldian, baina azken aurreko mendateko jaitsieran jausi egin dira estatubatuarra aurrena, eta australiarra bere atzetik, eta Soler-i hanka zuztarrak kale egiten hasi zaizkiola nabari da.

Sailkapen nagusian O'Connor-ek jarraitzen du lider, baina otsoaren ulua gero eta gertuago sumatzen du. 1.21era du Roglic, ezer ez, baina podiuma helburu polita izan liteke australiarrarentzat. Mas 3.01era dauka, eta Carapaz 3.13ra, laugarren. Erne Mikel Landari, Murgiakoa gero eta hobeto dagoelako. Ancares bere erritmoan igo du, atzetik aurrera, eta Mas harrapatu. Faborito onena izan da Roglicen ostean. Arabarrak eskura dauka podiuma, eta Roglic-ek eduki dezakeen egun txarren baten esperantzan, borrokan segi behar du. Ez da biharko etapan izango, ihesaldientzako aproposa baita, baina erne igandean, Cuitu Negrun bukatzen den etaparekin. Bukaera oso aproposa da Landarentzat. Roglicentzat bezala, baina erne. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak