Loteriaren injustizia

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2024ko abu. 28a, 19:15

Eddie Dunbar helmugan. (Argazkia: @lavuelta).

Eddie Dunbar-ek irabazi du Padrongo etapa, 36 laguneko ihesaldia baliatuta; O'Connor liderrak 40 segundo galdu ditu Roglic eta Mas-ekiko.

Loteriak zorte apur bat banatzen du tarteka, eta gehiengoa muturra okertuta utzi. Izan ere, hain da zaila zortea izatea, norberaren zenbakiak saria lortzea... Padrongo etapan sortu den ihesaldian 36 lagunek egin dute ihes. Berriro oso kostata egin den ihesaldia, baina egin denean tropelaren baimena jaso duena. Sei minutuko zuloa ireki dute Israel taldeko Frigok bultzatuta. Izan ere, ihesaldian sartu da George Bennett, eta sailkapen nagusian postu batzuk irabazi ditu ihesaldiari esker. Ihesaldian odol garbiko zaldi on asko zeuden: Narvaez, Daniel Felipe Martinez, Max Poole, Carlos Verona, Ion Izagirre... Narvaez ekuadortarra faborito argi, azken mendateko muino pikoak pasatzen espezialista delako, eta txirrindulari azkarra multzo txikietako esprintetan. Baina loteria bezala, nork asmatu garailea nor izango den?

Berrade, Verona eta Poole pasa dira metro batzuekin Cruixeira gainetik, baina jaitsiera bukatu eta helmugarako falta ziren azken bost kilometroetan iheskide asko iritsi dira lasterketa burura. Narvaez zen faborito argia, baina mila eraso egon dira azken bi kilometroetan. Berrade nafarra saiatu da; Ion Izagirre ormaiztegiarra ondoren, baina itxi egin dute nahi gabe. Hirugarrenean balekoa, Eddie Dunbar-ek. Inork ez zuen txakur txikirik ematen bere alde, baina ihesaldiak horrelakoak dira. Mila aldiz saia zaitezke, eta zorterik izan ez, eta eraso bakar bat egin eta garaile bilakatu. Akaso karmak Dunbar-i azken urtean pasa dituen miseriak bueltatu nahi izan dizkio, iazko Vueltatik hona zazpi aldiz jausi baita irlandarra.

Tropelean sua piztu du BORA taldeak, eta igoerako lehen kilometroan askatu egin dute O'Connor liderra. Roglic-ek erasoa jo du, eta Enric Mas-ek bakarrik eutsi dio. Bidea egin dute bakarrik gaineraino, baina pankartapetik pasa eta berehala bat egin dute Landak, Skjelmosek, Gauduk eta Carlos Rodriguez-ek. Cattaneo Landaren taldekideak lan bikaina egin du bere nagusiaren alde. Talde horrek 15 segundo kendu dizkio Carapaz-Sivakov bikoteari helmugan, eta 37 segundo galdu ditu O'Connor liderrak. Bukaera pikoek aussie-ari mina egiten diotela agerian geratzen da, eta gaur ondo, bihar gaizki dabil. Roglic hiru minutu pasatxora hurbildu zaio berriz nagusian. 

Bihar 12. etapa korrituko da: Ourense-Manzaneda. 137 kilometro baino ez, eta bukaera lehen mailako mendatean. Luzea baino etzana: 15.4 kilometro, baina %4.7ko batez besteko apala. Beste ihesaldi bat garaile.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak